Drogen kontsumoa fenomeno konplexua da, eta genero, adin eta gizarte-klase guztietako pertsonei eragiten die. Hala ere, kontsumo-ereduak gertutik aztertzean, alde nabarmenak daude genero ikuspegitik begiratuz. Desberdintasun horiek ez dira soilik kontsumitutako kopuruetan oinarritzen, baita motibazioetan eta lotutako ondorioetan ere.
Estatistiken arabera gizonen droga kontsumoa emakumeena baino handiagoa da, baina kontu handiz irakurri behar dugun datuak dira hauek. Izan ere emakumeen kontsumoak askotan zailagoak dira ikusten, ikusezinagoak dira. Gizartearen arabera genero portaera desberdinak ditugu, eta hauek ezinbesteko faktoreak dira kontsumoak ulertu ahal izateko. Genero maskulinoko pertsonek maskulinitatea erakusteko eta adierazteko presioa sentitzen dute, kanporakoiagoak izanik: arriskuaren eta limitearen gertuko emozioak bilatzen dituzte. Orokorrean boterea, indarra, lidergoa, dominantzia, razionalitatea edota konpetibitatea bezalako balorekin lotuta egon da genero maskulino klasikoa. Hau horrela, euforia, botere sentsazioa eta indarra bezalako sentsazioak emango dizkieten sustantziak kontsumitzeko joera izango dute, kontsumo disruptiboagoak erakutsiz.
Estereotipoen arabera emakumeen ezaugarri asko apaltasun eta ontasunarekin lotura zuzena dutenez emakumeek drogak beste modu batera kontsumitzen dituzte: modu kamuflatu batean. Esaterako, estresari, antsietateari edo arazo psikologikoei aurre egiteko psikofarmako asko kontsumitzen da emakumeen artean. Bestalde, emakumeek joera handiagoa izan dezakete estigmatizazio soziala sentitzeko, tratamendua bilatzeko edo arazo bat dutela onartzeko oztopo gehiago izaten dituzte. Genero-aginduekin eta zaintza-rolarekin lotuta daudenez, arazoa gehiago ezkutatzen dute, laguntza beranduago eskatzeko joera dute eta hau arrisku faktore izugarri handia da, pertsona kronifikatuta eta minduta dagoela iristen delako osasun sisteman laguntza eskatzera.
Honetaz gain familiaren laguntza txikiagoa izaten dutenez bakarrik joaten dira laguntza zerbitzuetara eta askotan menpekotasunaz baino emakume gisa duten rolari dagozkion erantzukizunak behar bezala hartzeko gaitasun ezagatik izaten duten ondoezak bultzatuta doaz. Honi lotuta, amatasun-erantzukizunak, errekuperazio-prozesuan zehar, leku nabarmenetako bat hartzen du, eta beste behin ere bigarren mailako leku batean uzten ditu emakumearen autozaintza- eta gogobetetze-beharrak.
Genero-indarkeria eta sexu-abusuak ere maizago ematen dira emakume kontsumitzaileetan gizonetan baino. Esan bezala, tradizioz, ondoez eta min guzti hauek kontsumo edo sendagaien (preskripzio-psikofarmakoak) bitartez baretu nahi izan dira, eremu pribatura mugatuta eta bakarrik eginda, beti ere kontsumo ez hain disruptiboak izanik, baina arrisku handiko egoeratan.
Beraz, kontsumoen fenomenoa uste duguna baino konplexuagoa da, faktore askok eragiten dute, eta nola ez, hemen ere generoak eragin handia du eta tratamenduak ere ikuspegi honetatik bideratzea litzateke egokiena.